Ermuko Mikologiaren Lagunek antolatutako jardunaldiek XXXVIII. edizioa ospatzen dute aurten. Programaren baitan, mikologiaren inguruko argazki erakusketa ireki zen Lobianon urriaren 13an, baina Kirol Gala izan ohi da jardunaldien hasiera ofiziala markatzen duena. Urtero, bertako kirolari desberdin bat omentzen dute: iaz, Maialen Calderón eta Marta Fernández eskubaloiko epaileak aukeratu zituzten; eta aurtengoa gimnasia erritmiko maskulinoan diharduen Hodei Rivas gaztea izan da. Atzo iluntzean egin zuten ekitaldia, plazan:

Mikologia taldeko kideek azaldu zutenez, omenaldi honekin oraindik ibilbide laburra baina benetan emankorra duen gimnastaren lana aitortu nahi zuten, eta “sekula ahaztuko ez duen eguna opartitu”. Rivasi hitza eman zioten, bertan zeuden ume eta gaztetxoei bere hastapenak azaltzeko eta ohiko kiroletatik kanpoko beste bide batzuk ere badaudela erakusteko: "Ni ez nintzen kirolzalea, ikusten nituen kiroletatik ez zitzaidan bat bera ere erakargarri iruditzen. Baina behin amak Zaldibarko gimnasia klubean apuntatu ninduen eta... gaur arte!". Bere lan egiteko moduari buruz galdetzean, bi gako nagusi azpimarratu zituen: "konstantzia" eta "lan-orduak". Dioenez, "hori da modu bakarra aurrera egiteko eta kategoria gorenetara heltzeko".
Mikrofonoa utzi eta kioskotik jaisterakoan, adi-adi entzuten egondako ume guztiak gerturatu zitzaizkion. Eskaileretan inguratu zuten eta banan-banan argazkia atera zuten hain gazte baina jada erreferente den ermuarrarekin.

Asteburuko egitaraua
Jardunaldien egitarauko gainontzeko ekintzak igandera bitartean burutuko dira. Bihar, ostirala, Mikologiaren Lagunek hitzaldia eskainiko dute Lobianon, 19:00etan. Etzi, landako lanak —behaketa eta azterketa— egingo dituzte eta, 18:00etan, Oliver magoaren ikuskizuna egongo da, Orbe Kardinalaren plazan. Bukatzeko, mikologia erakusketa jarriko dute plazan, 12:00etatik aurrera.
