2026ko urte hasierako programazioa aurkeztu du Ermua Antzokiak

Ander Gomez 2025eko abenduaren 3a

Ermua Antzokiak egitarau potoloa prestatu du datozen hilabeteetarako: kontzertuak, antzezlanak, bakarrizketak, dantza erakustaldiak, haur ikuskizunak... Sarrerak abenduaren 11tik aurrera jarriko dira salgai, sarean Kutxabank-en webgunean eta aurrez aurre Lobiano Kulturgunean. Albiste barruan programazio osoa.

Segidan, urtarrilaren 2tik maiatzaren 15era bitartean Ermua Antzokiak eta Lobiano Kulturguneak hartuko dituzten hemeretzi ekitaldiak (egin klik argazkietan ekitaldi bakoitzaren informazioa, data eta sarreren prezioa ikusteko).

KONTZERTUAK

Go!azeneko lagunek estreinatuko dute Ermua Antzokiko oholtza 2026an, 12. denboraldia aurkezteko. Hurrengo hilabeteetan, goi-mailako artisten kontzertuak egongo dira bertan: otsailean, Puño Dragonen rock alternatiboak astinduko du antzokia; martxoan, Bely Basarte konpositorearen doinu goxoak entzun ahalko dira; eta apirilean, Queralt Lahozen musika berritzailea, pop eta flamenkoaren arteko fusioa.

Beti bezala, Lobiano Kulturguneak musika beltzaren emanaldiak hartuko ditu: The Hoodo Doctors talde katalanaren, Haylen abeslari frantziarraren eta Jo Buddy konpositore finlandiarraren kontzertuak.

ANTZERKIA

Helduentzako euskarazko bi antzezlan daude aurreikusita: Anakotz Lasarte mallabitarrak seme-alaben heriotzaren doluaren inguruan egindako dokumentalean oinarritutako "Aitatxo" antzezlana, Alex Tello eta Unax Uralde aktoreekin; eta "Desobedienteak 18/98” (Tanttaka), Miren Arrieta, Ainhoa Enparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti, Omar Somairekin. Gaztelerazko antzezlanak sei izango dira: “Dulcinea” (Paloma San Basilio), Mikel Losadak antzezten duen “El lenguaje de las fores” (La Mapatxa Teatroa), “Pero no se lo digas” (MIC Produkzioak), “Marcela” (Celia Freijeiro), "R & J" (La Dramática Errante) eta “El encargo” (La Red Teatro).

BESTELAKOAK

Antzokiak bestelako emanaldi bereziak ere hartuko ditu, hala nola, dantza, umore, haur eta zirku ikuskizunak: Aukeran Dantza Konpainiaren "Amama", Rafa Maza aktore eta umoristaren "Fabiolo Connection", Porrotx eta Marimotots pailazoen "Zerua lapurtu dute", eta Zirkuss taldearen "Sustrai".


Ikuskizun guztien datak, ordutegia eta prezioa AGENDAN ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.