Ipuinek, tailerrek, ginkana-jokoek, kantuek... eta sugarrek piztuko dute Gaba Baltza

Drogetenitturri 2024ko urr. 30a, 07:20

Herenegun, Kontzejuzarreko aretoa bete zen Pello Mugarzak eta Irene Sarrionandiak emandako hitzaldian. Gaur, haurrentzako ipuin-kontaketa egongo da, baina bihar egingo dira Gaba Baltzeko ekitaldi nagusiak.
Argazki-sortan, herriko liburutegia eta komertzioak Gaba Baltzerako apainduta eskolako umeek egindako eskulanekin.

Herriko talde eta eragile desberdinek prestatu dute aurtengo Gaba Baltza: Satxibu aisialdi taldeak, Zaparrada elkarteak, Gazte Alai dantza taldeak, Gazte Asanbladak, Guraso elkarteak, Mallabiko eskolak, Mendibil abesbatzak,  Udalak eta Gaba Baltzerako propio sortutako batzordeak.

Gaur, asteazkena, "Xanduli-manduli, kikirriki, ikarari ezin eutsi!" ipuin-kontaketa saioa egongo da liburutegian. 17:00etan Haur Hezkuntzako umeen (HH 3, 4 eta 5) txanda izango da eta 18:00etan 1. mailatik gorakoena. Bietan Oihana Etxegibel arituko da ipuin-kontalari.

Urriaren 31an, ostegunean, Gaba Baltzaren egitarauko ekitaldi nagusiak burutuko dira:

  • 16:30ean, ginkana egingo da 1. mailatik gorakoentzat, Kontzejuzarrean hasita.
  • 18:00etan, kalabazak husteko, aurpegiak margotzeko eta karetak egiteko tailerra egongo da Kontzejuzarren; eta ondoren, partaideek Photocall-a izango dute eskura plazan, argazkirik beldurgarrienak ateratzeko. *Gogoratu ume bakoitzak bere kalabaza, tresnak eta arropak ekarri beharko dituela eta gutxienez heldu batez lagunduta bertaratu beharko dela.
  • 19:00etan hasita, "Iluntasuna piztu…ekitaldia!" egongo da plazan, kantu erronda egingo da herrigunean eta txorizo pintxoak dastatu ahalko dira, Takittoren musikak alaituta.

Bizitzeko grinaz aritu ziren astelehenean

Pasa den urriaren 28an, Gaba Baltzaren egitarauaren baitan antolatutako hitzaldia egin zen Kontzejuzarren. Pello Mugarza mallabitarra eta Irene Sarrionandia zornotzarra izan ziren hizlari, bakoitzak bizi izan dituen hil ala biziko esperientzien testigantza ematen eta berauei nola egin dieten aurre kontatzen.