Konponketak egin eta segurtasun kamerak jarri dituzte Zubitegi kirol parkean

Ander Gomez 2025ko api. 22a, 12:22

Gabonetan Zubitegi kirol parkeko padel pistan egindako ekintza bandalikoen ondorioz instalazioen irekitze data atzeratu zuen Udalak. Konponketa guztiak eginda eta segurtasun neurriak hartuta, gaurtik aurrera padel pista erabilgarri izango dute herritarrek.

Mallabiko Udalak urtarrilaren erdialderako zabaldu behar zituen padel pistako ateak, baina Gabonetako oporretako ekintza bandalikoak direla-eta (irakurri albistea hemen) apirilera arte itxita egon dira. Gaur 08:00etan jarri dute erabilgarri padel pista.

Astegunetan zein asteburuan erreserbatzeko aukera egongo da, 08:00etatik 21:30era bitartean. Erreserba Udalaren webgunetik egin beharko da, gehienez 4 lagunek jokatu ahalko dute eta, 14 urtez azpikoak izanez gero, heldu batek lagunduta. Horrez gain, kirol parkean segurtasun kamerak jarri dituztela jakinarazi dute Udaletik, "horrelako ekintza bandalikoak ekiditeko eta kirol eremu honetako segurtasuna bermatzeko".