Areitioko Kirol Hiriko zelaiak berde-berde

Drogetenitturri 2025ko eka. 3a, 07:06

Hilabete atzera hasi zituzten SD Eibar futbol taldearen Kirol Hiriko zelai naturalak ereiten, eta indartsu eta koloretsu ikus daitezke jada. Orain, artifizialen txanda izango da. Irudiak: SD Eibar.

SD Eibar taldearen egoitza berria izango den Areitioko Kirol Hiriak bost futbol zelai izango ditu: bi natural eta hiru artifizial. Azpiegiturak eginda, hilabete atzera erein zituzten zelai naturalak. Maiatza eguzkitsua bezain euritsua izan da eta horrek eragina izan omen du belarrean: "Oso erritmo onean hazten ari da, eta aurreikusitako epe eta baldintza tekniko guztiak betetzen ari dira", jakinarazi dute klubetik.


Zelai naturaletako bat; atzean Mallabiko herrigunea.

Gainontzeko zelaien gainazala ipintzeko lanak ekainean zehar hasiko dituzte. Ez dira artifizialak soilik izango, hibridoak baizik: Lehenengo belar sintetikoa txertatuko dute eta, gero, naturala ereingo dute, bi materialak uztartuz. Horrela, erresistentzia handiagoa lortzea eta egonkortasuna bermatzea bilatzen dute, "denboradi osoan zehar —eta batez ere neguko hilabeteetan— zelaia egoki mantenduko dela ziurtatuz". Horrez gain, Ipuruako eta LaLigako talde nagusiek dituzten goi-mailako zelaietako baldintza berberak izan nahi dituzte Areitioko egoitzan, "jokalarien egokitzapena errazteko helburuarekin".


Ereindako bi zelaiak, berde-berde, eta belar hibridoa izango duen zelaietako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.