Bisita gidatua egingo da urriaren 19an Zengotita auzoko baserrien arkitektura ezagutzeko

Dorleta Vidal 2025ko urr. 7a, 07:42

Europako Kontseiluaren ekimenez eta Gerediaga Elkarteak koordinatuta, zortzi bisita gidatu burutuko dira Durangaldeko herri ezberdinetan urriaren 4tik 26ra bitartean. Hala, urriaren 19an, Mallabiko Zengotita auzoko baserrien arkitektura aztertuko da. Bertan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da aldez aurretik. 

Europako Kontseiluaren ekimenez eta Europar Batasunaren lankidetzarekin, Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatzen dira urtero Europan zehar, 2001etik aurrera. 25. edizio honetan, arkitektura-ondarea ekarriko da erdigunera eta, herritarrak horretara hurbiltzeko, bisitak, tailerrak, erakusketak eta jarduera artistikoak konbinatuko dira.

Gerediaga Elkarteak koordinatzen du Durangaldeko eskaintza, eskualdeko udalekin eta Aldundiarekin batera, eta aurten zortzi bisita gidatu kudeatuko ditu, denak euskaraz, urriaren 4tik 26ra bitartean (zerrenda osoa hemen). Horren baitan, Zengotita auzoko baserriak aztertuko dira urriaren 19an, 11:00etatik 12:30ak arte, "Zengotita auzoko baserrien arkitekturaren aldaerak" izenburupean.

Parte hartu nahi duten mallabitarrek 943 17 66 91 telefonora dei dezakete, edota kulturetxea@mallabia.eus helbidera mezua idatzi. Gainontzeko interesatuek ondareabizkaia.eus webguneko formularioan eman beharko dute izena (hemen).

Gerediaga elkartearen webgunean irakur daitekeenez, "duela 500 urte baino gehiagotik, baserria izan da gizarte berezi bat garatzea ahalbidetu duen elementu arkitektoniko ezin hobea", eta Zengotitan gai horretan sakontzeko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.