Gaur, martxoak 8, talde feministek antolatutako ekitaldi eta jardueretan hartu ahalko dute parte Mallabiko eta Ermuko herritarrek.
11:30ean elkarretaratzea egingo da Ermuko plazan, Udaleko Berdintasun Sailak eta Emakumeen Topalekuak antolatuta, eta Maite Lorenzo rapsodak eta Alberto Egia pianojoleak girotuko dute. Mallabian, 12:00etan izango da eta, batzeaz gain, bi ekintza berezi egingo dituzte: talde argazki erraldoia egingo dute lehenengo, "M8" eta emakumeen ikurra (♀) herritarrekin osatuz; gero, batera kantatuko dute Mikel Markez eta Aire Ahizpen Konplize ditut eta (abestia eta hitzak hemen).
Arratsaldean, 18:00etan, Zikloa ezagutzen heziketa menstrualaren 2. saioa egingo da Kontzejuzarren. Ordu horretan ere, "Zaintzak mahai gainera" mahai-ingurua antolatu du Ermuko Mugimendu Feministak, eta 19:00etan ekingo diote mobilizazioari, plazatik hasita eta "Zaintzak erdigunean! ¡Haceos cargo!" lelopean.
Argazkia: Ermuko Mugimendu Feminista.
Manifestazioa bukatu baina aldarrikapenak taula gainean jarraituko du Marlena bikoteak eskainiko duen kontzertuarekin, 20:30ean, Ermua Antzokian. Sarrerak 10 eurotan eros daitezke Lobiano Kulturgunean, Antzokian edo online, lotura honetan.