Kaltxango AEK-k talde argazkiak egiteko deia zabaldu zuen kilometro erosleen artean: martxoaren 13an Ermuan, martxoaren 14an Mallabian.
Atzo, Kaltxango plazan izan ziren ermuarrak. Elkarte bakoitzari dagozkion kilometroak eta petoak banatu zitzaizkien eta, ondoren, talde argazkia atera zuten. Euskal Birusa Elkarteak Kaltxango euskaltegi paretik hasten den kilometroa egingo du, eta gonbit egin die herritarrei "Euskal Birusarekin batera korrika egitera".
Haurra eta Ermua BHIko ikasleak, peto banaketan.
Martxo hasieran, bere izenean lekukoa eramateko aukera zabaldu zuen bazkideen artean. Inork bere burua aurkeztu ez zuenez, bazkide "eredugarri horren bila" egon dira eta Nora Gastón Izagirre aukeratzea erabaki dute: Euskal Birusaren "baloreekin bat" egiten duelako eta behar denetan "beti laguntzeko prest" dagoelako, adierazi dute elkartetik.
Mallabiaren txanda gaur
Mallabiko talde argazkia gaur egingo da, 19:00etan, frontoian. Ondoren, mokadutxoa, dantza eta irakurraldi musikatua egingo dute, Kaltxango AEK-k eta Gazte Alaiak dantza taldeak antolatuta.