Untzagako plaza astinduko du IZAROk gaur

Ander Gomez 2024ko eka. 8a, 07:37

Cerodenero diskoa aurkezten dihardu IZARO eta gaur, larunbata, kontzertua eskainiko du Eibarren. Untzaga plazan izango da, 23:00etatik aurrera eta dohainik.

2016an Om argitaratu zuenetik, biurtero diskoa kaleratu du Izaro Andres Zelaietak (Mallabia, 1993). Azkenengo honetan, ordea, —2022ko Limones de Oro kolaborazio albuma kontuan hartu barik— apur bat luzatu eta 2023ko abenduan publikatu zuen cerodenero.

Orain, disko berriaren biran murgilduta dago eta, hilabete barru New Yorken izango bada ere, gaurko hitzordua etxetik gertu dauka, Eibarren bertan.

Zuzeneko eraberritua dakar

Kantuekin egin bezala, estilo ausart eta eraberrituaz jantzi du bira honen zuzenekoa. Koreografien alde egindako apustuarekin, argi-joko ikusgarriekin eta elektronika doinu indartsuekin Untzagako plaza astinduko du ziur; baina bere doinu leun eta sentikorren zaleentzat ere tartetxoa hartuko du, ahotsa eta instrumentua soilik hartuta, gerturatutakoen bihotzei astindutxoa emateko.

Bi sari azken bi hilabeteetan

Apirilaren 17an, estatu mailako MIN sarietan izan zen mallabitarra, Zaragozan, eta Euskarazko disko onenaren Etxepare saria jaso zuen. Hilabete beranduago, maiatzaren 15ean, Musika Bulegoa sarien VIII. edizioan berriz ere saritu dute cerodenero diskoa, bere "ekoizpena" eta "ikuskera globala" nabarmenduz.


MIN sariak.

 


Musika Bulegoa sariak.