Gaur zabalduko dute 7 Pago lasterketaren izen-ematea

Ander Gomez 2025ko urt. 2a, 07:02

Atzeko argazkia: Xabier Agirre.

2025eko maiatzaren 17an burutuko da Zazpi Pago elkarteak antolatutako Mallabiko mendi lasterketa. Izena emateko epea gaur goizeko 9:00etan zabalduko da eta maiatzaren 12ra arte —edo banatuko dituzten 350 dortsalak agortu arte— luzatuko da.
Barruan, inskribatzeko orrialderako lotura.

7 Pago mendi lasterketaren II. edizioak ere bi ibilbide izango ditu: Luzea (25 kilometroko distantzia eta 1400 metroko desnibel positiboa) eta laburra (16 kilometro eta 750 metroko desnibel positiboa). 350 parte-hartzaile egongo dira guztia: Ibilbide luzerako 200 dortsal banatuko dira, 25 euroko kostuarekin, eta 150 motzerako, 20 euroko kostuan. Izen-ematea gaur zabalduko da, 9:00etan, Kronoak webgunean. Inskribatzeko egin klik hemen.

Txapela, bertako produktuak eta diru-saria irabazteko aukera

Iaz bezala, sariak egongo dira, gizonezko eta emakumezko kategoriak desberdinduz. Podiumean bukatzen duten guztiek Mallabiko produktuekin osatutako saskia izango dute sari; irabazleek txapela jasoko dute; eta, lasterketa luzearen kasuan, diru-saria ere egongo da: Lehenengo emakumeak eta lehenengo gizonezkoak 150 euro jasoko dituzte, bigarren postuan geratzen direnek 100 euro eta hirugarren postukoek 50 euro. Gainontzeko lasterkariek ere produktu eta material desberdinak irabazteko aukera izango dute, partaide guztien artean egingo den zozketa erraldoian.