Irazu Aranburu Antxia mallabitarrak irabazi du berriz 7 Pago lasterketa

Ander Gomez 2025ko mai. 19a, 06:00

Mallabiko mendi lasterketak bigarren edizioa ospatu du asteburuan eta, bigarrenez, garaipena etxean lagatzea lortu du Irazu Aranburuk. Albiste barruan, podiumera igo ziren korrikalariak eta mallabitar-ermuar azkarrenak. Argazkiak: Xabier Agirre.

Zapatu honetan ospatu da Zazpi Pago elkarteak antolatutako mendi lasterketa eta 350 korrikalari inguruk hartu dute parte. Bigarren urtea izanik, igarri da lasterketaren izena aski zabaldu dela, kanpoko askoz partaide gehiago egon baitira iazkoarekin alderatuta. Aurten, 22 mallabitarrek bakarrik lortu dute dortsala (iaz 60 izan ziren), baina ez zen askoz gehiago behar herritarren maila zein den erakusteko: Irazu Aranburu mallabitarrak, soinean zeraman bat zenbakidun dortsalari men eginez, 25 kilometroko lasterketa irabaztea lortu du, beste behin. 2024koa 2:17:11 denboran egin zuen eta, aurten, 2:16:48 markara jaistea lortu du.

Orain, emakumezkoen kategoriako irabazle izan den Nora Narbaiza zaldibartarrarekin batera (2:51:41) Durangaldeko Koparen lidergoa dauka —Koparen inguruko albistea irakurtzeko egin klik hemen—.

Atzetik geratu dira, zilarrarekin, Xabat Manzisidor azpeitiarra (2:21:28) eta Itsasne Urkiaga zornotzarra (2:52:35); eta brontzearekin, Ander Jauregui durangarra (2:21:53) eta Maialen Artiach elorriarra (2:56:26). Horiez gain, nabarmentzekoa da Iñigo Praderak egindako laugarren postua: Pasa den urtean bigarren postua lortu zuen arren, bere marka hobetu du: 2:25:43 iaz, 2:25:28 aurten.

Korrikalari ermuarrei dagokienez, azkarrenak izan dira Jokin Aramburu (2:55:24), gizonezkoen 31. postuan; eta Ainhoa Portugal (3:45:05), emakumezkoen 14. postuan. Bestela, ibilbide luzean ez du Mallabiko emakumezkorik parte hartu. 

Markina-xemeindarra izan da lasterketa laburra

16 kilometroko ibilbide laburrean, Xuban Muniozguren (1:22:08) eta Nahia Ibarzabal (1:49:12) markina-xemeindarrek lortu dituzte lehen postuak. Bigarren geratu dira Kimetz Aranburu abadiñarra (1:29:28) eta Oihane Alonso galdakoztarra (1:50:48); eta hirugarren Oinatz Urtiaga garaitarra (1:29:32) eta Joana Asua berriztarra (1:53:20).

Mallabitar azkarrenak izan dira: Nekane Pradera (2:00:39), emakumezkoen 7. postuan; eta Manu Riaño (2:07:38), gizonezkoen 64. postuan. Ermuarren kasuan, Xabier Uriarte (1:48:11) eta Izaro Oliviera (2:17:39) izan dira azkarrenak, 23. eta 19. postuak lortuta hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.