Atzo, 23:59an, Udako Argazki Lehiaketan botoa emateko epea amaitu zen, eta hauek izan dira aurtengo irabazleak:
Bigarren argazki bozkatuenak 41 boto lortu ditu. Alaitz Fernandez Sagardui da egilea eta hori izan da aurkeztu duen argazki bakarra, "Oihaneko ilunabarrak" izenpean. Ilunabar dezente aurkeztu dira lehiaketara, baina honetxek liluratu du irakurlez osatutako epaimahaia. Kanoa motorizatu batetik aterata, zeruaren tonu epelak eta oihan tropikalaren silueta ederki islatzen dira uraren gainean.
"Oihaneko ilunabarrak" argazkiarekin bigarren saria lortu du Alaitzek: Ermua Antzokiko film edo antzezlan bat ikusteko sarrera bikoitza.
Bozketa oso parekatuta egon da eta, azkenean, boto eskas bat gehiago jasota irabazi du Jabi Vidalen "Sare sozialak", 42 botorekin. Argazkian liztor-armiarma bat ikus daiteke gertu-gertutik, ihintz edo euri tantaz bustitako sarearen erdian.
"Sare sozialak" argazkiarekin lehen saria lortu du Jabik: 2 lagunentzako afaria herrian.
...baina hauek ez dira irabazle bakarrak
Lehiaketa zabaltzean iragarri bezala, parte hartu duten guztien artean Ermuan Bagararen produktuak emango ditugu opari. Adi egon Drogeteniturriren webgunera eta sare sozialetara (facebook, instagram, whatsapp), laster zozketa egingo dugu eta!
Drogeneniturrik eskerrak eman nahi dizkie modu batean zein bestean lehiaketan parte hartu duten guzti-guztiei.