Irazu Aranburu Antxiak irabazi du Durangaldeko Koparen lehen edizioa

Ander Gomez 2025ko urr. 28a, 13:20

Txapelketak zeuzkan zortzi lasterketatik lau egin ditu Aranburuk, eta horrekin bakarrik lortu du sailkapen orokorreko puntuaziorik altuena eta Durangaldeko Koparen gizonezkoen txapela Mallabira ekartzea.

Argazki galerian kopan zehar egindako podium guztiak, Valentin Mugarza, Aitor Coello, Jon Maguregi, Gaikar Kirolak eta Durangaldeko Koparen eskutik.

Mallabian izan zen Durangaldeko Kopako lehen hitzordua —7 Pago lasterketa— eta, etxean jokatuta, lehen postua egin zuen Irazu Aranburuk. Bigarren lasterketa Berrizko Amaraune izan zen, eta hantxe ere urrea eskuratu zuen. Ez zuen parte hartu hurrengo bi lasterketetan —Zaldutrail (Zaldibar) eta Astotrail (Garai)— eta Ander Jauregui durangarrak hartu zion aurrea, Kopako lidergotza kenduz. Mañaritik Atxetara 22K lasterketarako bueltatu zen, zilarra lortuz; eta hurrengo asteburuko Sorginen lasterketan (Axpe) brontzea egin zuen. Azken bietan —Aramotz (Zornotza) eta asteburu honetan jokatutako Aldapegoran (Elorrion)— ez zuen parte hartu.

Lau emaitza onenak

Durangaldeko Kopako sistemaren arabera, lau lasterketetan parte hartzea eskatzen zen sailkapen orokorrean sartzeko. Gero, egindako lasterketa guztien artean lau emaitza onenak bakarrik hartzen ziren kontuan. Mallabitarrak minimo hori eginda lortu du puntuaziorik altuena: 370 puntu; bigarrenak baino hirurogei puntu gehiago eta hirugarrenetik ehun puntura. Parte hartutako lasterketa guztietan podiuma egin duen korrikalari bakarra izan da.

Horrela, txapela eta 500 euroko dirusaria jasotzeaz gain, Durangaldeko Koparen I. edizioko irabazle bihurtu da Iranzu Aranburu Antxia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.